sábado, 17 de septiembre de 2016

Prentsaurr​ekoa (conferenc​ia de prensa) de Askatasunaren Bidean



ASKATASUNAREN BIDEAN

euskal preso eta iheslari ohiren batzarrak,

EUSKAL HERRIARI

Maiatzean adierazi genuen geure borroka politiko eta ideologikoa Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailearen V. Biltzarreko bidean kokatzen dela. Hori dela, gure ustez, "Askatasunaren Bidea": abertzaletasun eta sozialismo iraultzailearena, Euskal Herri Langilearen askapenarena, Euskal Langileriaren emantzipazioarena. Laburbilduz, Euskal Errepublika independente, sozialista, birbatu eta euskaldunaren bidea. Euskal Iraultzaren helburu nagusia.

Horregatik etorri gara hona, Euskal Herriari, eta bereziki euskal langile guztiei, gaur egungo egoera politikoari buruz egiten dugun azterketa agertzera. Txabi Etxebarrieta borrokan hil zuten frankismoaren diktadura faxistaren aurkako guduan. Ia berrogeita hamar urte ondoren, borrokan segitzen dugu faxismo nazionalkatoliko eta espainolista ordezkatu zuen monarkia neofrankistaren aurka. Euskal Herriak berdin-berdin segitzen baitu zapaldurik, orain itxura parlamentarioak egiten badituzte ere. Zapalkuntzaren sakoneko ardatzek, hau da, kapitalismoak, inperialismo frantximant eta espainolistak, euskaldunen aurkako etnozidioak eta patriarkatuak indarrean diraute oraindik ere.

Azken hilabeteotan borrokak ugaritu egin dira Euskal Herrian. Amnistiaren aldeko frontean, hor ditugu zenbait espetxetan egiten ari direna: Andaluzia zapalduan dagoen Huelva espetxeko txandako gose greba, edota Frantzia ekialdean dagoen Valenceko presondegiko txapeo eta komunikazioen etenaldia. Argi gorria, Aitzol Gogortzaren gose grebak piztu zuen. Ekimen hauek babestera etorri ziren Etxarri Aranazko beste gose greba, eta udan zehar egindako martxak eta manifestazioak. Erreformistek egindako estrategia aldaketak eragin zuen krisi eta lozorrotik esnatzen hasia da Euskal Herri Langilea, eta mobilizazioak indartzen ari dira.

Gauzak horrela, berriki jendaurrean agiri bat agertu da EPPKren sinaduraz. Bertan mezurik deigarriena Mendebaldeko hauteskundeetan EHBildu koalizioaren aldeko botua eskatzea izan da, euskal preso politiko guztien izenean. Hori dela eta, bururatzen zaizkigun galderak honako hauexek dira: zergatik ez dira lehen aletu ditugun borroketarik bat bera ere aipatzen? Non dago Aitzol Gogortzak egindako gose greba, edota Huelva eta Valenceko presoen borrokak? Non, udan zehar egindako mobilizazio ugarien oihartzuna? Non, Etxarri Aranatzen hiru preso ohik egindako gose grebari buruzko gogoeta, eta Goardia Zibilak Amnistia osoaren aldeko manifestazioaren aurkako oldartze bortitzaren salaketa? Agiri hori idatzi dutenek, ez al zuten beste lehentasunik ikusten? Ezker Abertzale erreformistaren plataforma elektoralaren aldeko bozka eskatzeak, EPPKren mezu nagusia izan behar al du?

Bestalde, ez da hori espetxe askotatik iristen zaizkigun iritziak. Haserrea eta ezinegona nabaria da giltzapean ditugun anai-arreba askoren artean, SORTU alderdiak presoen kolektibo osoaz behin eta berriz egiten duen erabilpen partidistarengatik. EPPKren agirian aipatzen den barne eztabaida horretan, aukera izango al dute euskal preso politiko guztiek, benetan mugarik gabe eztabaidatu, eta haien ildoa erabaki ahal izateko, aldez aurretik hartutako erabakiak kuestionatzeko posibilitatea zabalduz? Eta aldez aurretiko erabakiak aipatzen ditugunean, argi eta garbi zehaztu nahi dugu: jakin badakigu euskal preso politiko gehienek urte luzeak daramatzatela inolako informazio eta eztabaidarik izan gabe, haien guztien izenean behin eta berriz idazten eta adierazten dena isilean onartuz. Eta militante presoren batek egoera eskandalagarri hau kritikatu eta salatzen duen bakoitzean, erantzuna euskal preso politikoen zerrendatik ezabatzea da, inolako azalpenik eman gabe. Ekintza hori EPPKk egin al du, benetan? Kolektiboki eztabaidatu eta erabakia izan al da? Ala EPPKren izenean mintzo diren SORTUko militante batzuk egin dute? Nork bere ondorioak eta gogoetak egin bitza, eta horren arabera jokatu. Dena den, hoberena da, gure ustez, euskal preso politikoei beraiei zuzen galdetzea.

Honen harira, geure batzarrean erabakitakoa jakinarazi nahi diogu Euskal Herriari. Maiatzeko agirian esan genuen bezala, "Batasuna ezinezkoa da mugimendu berean bi estrategia guztiz kontrajarriak eta ildo erabat antagonikoak direnean. Batzuk sistema kapitalista frantses eta espainolaren joko, arau eta instituzioetan integratu nahi dira eta besteok, aldiz, sistema zapaltzaile hau errotik birrindu eta suntsitu nahi dugu, Euskal Herri euskaldun, independente, birbatu eta sozialista eraiki ahal izateko." Analisi honen ildotik, gaur egun Euskal Herrian ez dugu ikusten -gure ustez ez baitago-, geure botua eta konfiantza jasoko lukeen indar politikorik. Hau da, garai bateko Herri Batasunak hain ongi ordezkatzen zituen estrategia eta proiektu abertzale eta sozialista bezalakorik ez dago gaur egun. Ezker Abertzale erreformistaren plataforma elektoralak, EHBilduk, hain zuzen ere, ez du inolaz ere ordezkatzen, gure ustez, aipatutako proiektu eta estrategia hori. Ondorioz, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian bizi garenok abstentziora joko dugu, Nafarroa mendebaldeko hauteskunde autonomiko espainol hauetan. Militante abertzale eta sozialista iraultzaile bakoitzak ikusiko du zer egin.

Horregatik inplikatu gara, talde eta militante askorekin batera, Herritar Batasun berria sortzeko proiektuan. Azken urteetan Ezker Abertzaleak bizi duen krisi estrategikoa kontuan harturik, eta sektore batek bultzatu duen norabide aldaketa erreformista eta ildo politiko elektoralista zein instituzionalista hutsa ikusita, Herritar Batasun berria antolatzen hastea erabaki dugu. Maiatzean esan genuen, "preso eta iheslari ohiak izateak ez gaitu militante ohi bihurtzen. Aitzitik, militante abertzale eta sozialista iraultzaile izaten jarraitzen dugu. Gure lan, indar, gogoeta eta esperientziak, Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalaren aldeko borroka guztien zerbitzura ipini nahi ditugu. Gure konpromiso eta engaiamendu militantea berresten dugu Euskal Herri Langilearen Askatasun Osoaren aldeko borrokarekin eta Euskal Nazio Askapen Mugimendua berreraikitzeko estrategiarekin, eta bi helburu hauen aldeko ekimen guztiak lagundu eta babestuko ditugu geure indar guztiez."

Horretan ari gara, ahalik eta lasterren Herritar Batasun berriaren egitasmoa eta hari buruzko eztabaida Euskal Herriaren aurrean aurkezteko. Hortaz, dei egiten diegu militante abertzale eta sozialista iraultzaile guztiei, eztabaida eta eraikuntza prozesu honetan esku hartzeko herriz herri eta auzoz auzo antolatuko diren bilera eta batzarretan.

Euskal Herriaren etsai nagusiak, Frantzia eta Espainia estatu zapaltzaileak, krisian daude, bakoitza bere ezaugarri propioekin. Gero eta argiago dago Monarkia neofrankista espainola krisi larrian dagoela, eta aurreko Borboiaren abdikazioak konfirmatzen du azterketa hau. Krisi sozioekonomikoak krisi instituzionala areagotu du, eta horri gehitu behar zaio Catalunyaren independentzia prozesua. Errepublika katalana aldarrikatu eta eraikitzera doaz. Honek erakusten digu Euskal Errepublikaren aldeko mugimendu zabal eta askotarikoa antolatzearen beharra. Herritar Batasun berria izango da, hain zuzen, mugimendu horren motore eta bizkarrezur nagusia.

V. Errepublika frantses etnozida ere krisi larrian dago. Udazkenean langile mugimenduaren borrokak abiatuko dira berriz, Hollande-Valls gobernu neoliberalaren politikaren aurka. Baina, berriki, inperialismo frantximantaren adibide paradigmatikoa ikusi dugu: ustez klase sindikatu den CGTk, argudio xenofobo eta antieuskaldunak erabilita, hauteskunde sindikaletan LABen parte hartzea galaraziz. Beste behin ere argiro frogatu da Frantziaren baitan ez dagoela inolako etorkizunik Euskal Herri Langilearentzat, erabateko etnozidio, asimilazio eta zapalkuntza ez bada. V. Errepublika frantsesarekin haustura lortu gabe, laster gureak eginen du Ipar Euskal Herrian ere.

Euskal Herri Langileak bi estatu zapaltzaile hauen ahulezia baliatu behar du hurrengo urteetan, Euskal Errepublikaren proiektu askatzailea indartzeko, Independentzia eta Sozialismoaren bidean aurrerago jotzeko.

Bukatzeko, hemen bertan borrokan hil ziguten Txabi Etxebarrietaren hitz ezin aproposagoak hona ekarri nahi dizkizuegu: "Es pues claro, que el reformismo nacional acarrea consigo el reformismo económico-social, y viceversa. (...) En el fondo, los reformistas no creen que las fuerzas del pueblo y del trabajador sean suficientes para liquidar el estado burgués, y por eso toman el camino reformista. (...) Por lo tanto, el reformista, y el revolucionario no se distinguen porque adoptan vías distintas en pos de un objetivo, sino porque los objetivos mismos son diferentes. Por eso el reformista es uno de los peores enemigos del pueblo vasco y de la clase trabajadora. Como no niega completa y radicalmente el sistema explotador, al final acaba transformándose en el mejor colaborador de la burguesía, puesto que engaña, encandila y aliena a la clase trabajadora y al pueblo."

Gora Euskal Herria, askatuta eta sozialista! Jotake, irabazi arte!

EUSKAL HERRI LANGILEAREN ASKATASUN OSOA HELBURU,

BORROKA DA BIDE BAKARRA!

Euskal Herrian, 2016ko irailaren 17an.
 
 
Askatasunaren Bidean Batzarrak prentsaurrekoa egin du gaur goizean Tolosan, hain zuzen ere Benta Haundin, Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta erail zuen toki zehatzean.

Hona hemen egoera politikoaren inguruan plazaratutako irakurketa.
 
---------

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada